jueves, 16 de febrero de 2012

Agur

Hauxe ixango da blogeko azkan sarreri.

Bizitza etengabeko borroka dela esan zidan orain aste batzuk lagun batek; gora eta behera doan lerro etengabea. Behean egotea suertatzen zaigu batzuetan, goian beste batzuetan. Behean egotea ez da gauza erreza, "erronka desberdinak, handixauak edota txikixauak, datozen modun hartzen jakitxi de pertsona heldun zeregine" esaten zidan aitak.

Askotan, arinegi heldu garen sentsazioa izaten dut, gauzak datozen bezala hartzen ikaste hori ez baita inondik inora zeregin xamurra, baina hainbeste aldiz esan izan dudan esaldia datorkit burura: inork ez zuen esan erraza izango zenik...

Orain egun batzuk kartzelatik dei bat jaso nuen, bost minutu eskaseko deia. Nahigabean, berriro ere existentziaren inguruan hizketan aritu ginen laguna eta biok: "Laiene, zuk benetan pentsatezu txarto pasati zer dan jakingo ez bageunke, momento onak bardin balorako geunkezela?" Zentzu berezia izan zuen esaldi hark, hitzen pisuagatik ez ezik, baita mezuaren jatorriagatik ere.

Gogoratzen dut unibertsitateko bigarren urtean irakasle batek haurraren bizitzako etapen inguruan sarri hitz egiten zigula. Denok dakigu bizitzan etapa desberdinak bizi ditugula, eta guztiak desberdinak. Batzuk garrantzitsuagoak izan arren, guzti guztiak dira beharrezkoak gaur garen hau nondik datorren konturatzeko. Etapa hitzak zera esan nahi du: "Ekintza edo prozesu bat burutzean bereiz daitezkeen aldietako bakoitza, fasea".

Ezinbestekoa da bizitzan etapa edo fase desberdinak hastea, baina baita ere amaitzea. Agian txarto pasatzea tokatuko zaigu, baina lagun min batek esan zidan bezala "Txar guztitxik dakau zeoze ikasteko, eta halan, hurrengo baten ikasgaixe ikasitxe daruau eta ondo engo dou". Edo agian, akatsetatik ikasiko dugula pentsatzen dugu, baina berriro ere harri berean jausi gaitezke; gizakiak gara, inozoak gara.

Fase bat amaitzean ezinbestekoa da agur esatea, amaitu dela onartu behar da, eta bidea egiten jarraitu, ahal izanez gero, hobeto. Geu gara geure ekintzen bidez gure izatea eraikitzen dugunak, beraz, honetaz kontziente izanik ekin diezaiogun erronka berriei, atzokoengandik ikasiz, gaurkoa biziz, eta etorriko direnei aurre eginez. Blog hau nire bizitzako etapa batean sortu zen, orain etapa hori bukatuta dago eta agur esan beharra dago.


Amaiera hasiera da, baina. Gonbidapena luzatzen dizuet bizitza iraulezta ikusi duten hainbat gazteren eskutik jaio berri den blog hau jarraitzeko: Iraulezta jaio da, amaieraren hasiera, edo hasieraren amaiera.

Beste era batea nahi douelako bixi, iraulezta, iraulixun, irauli daigun. Eguneroko iraultza txikixak dizelako geure ixati eraikitxen laguntzezkunak. Gora munduko iraultzak eta gora norbere iraultzak!


jueves, 9 de febrero de 2012

Hau al da zuen bakea?

Patxi Gomez Lopez euskal herritarra atxilotu du gaur polizia NAZIonalak Bilbon.
1989an atxilotu zuten Patxi, eta 2002an bere zigorraren 2/3 beteak zituela aske utzi zuten. 2003an berriro ere atxilotu eta 2009. urtararte kartzelan egon zen. Urte honetako abenduan auzitegi gorenak 10 urteko kondena luzapena ezarri zion "Parot Doktrina" aplikatuz. Gaur, 3 urte beranduago, atxilotu dute Patxi.
Aski da! Hau al da zuen bakea?
Hemen Patxik zigor luzapenaren berri izan zuenean esandako hitzak: